Sánchez Carrión, José María
(“Txepetx”). Espainiar euskalaria eta hizkutzalaria (Cartagena, 1952). Cartagenan jaio bazen ere, Orihuelan, Ceutan eta Granadan bizi izan zen haurtzaroan eta gaztaroan. Ceutan zelarik, euskara ikasteari ekin zion. Salamancan egin zituen filologia ikasketak; anglogermanistika saila landu zuen bereziki. Irakasle izan da Eskozian, Granadan, Londresen, La Palman, Malda Errekan, Arrasaten eta Eskoriatzan, besteak beste. Soziolinguistikari eta elebitasunari buruzko lanak idatzi ditu, hasieran Nafarroako egoerari lotuak, eta gero, Euskal Herri osoari buruz: El estado actual del vascuence en Navarra (1970). Sánchez Carrión-enak dira, halaber: Bilingüismo, diglosia, contacto de lenguas (1974), Lengua y pueblo (1980), El marco sociológico y espacial en una situación bilingüe (1980). 1986an doktoretza tesia aurkeztu zuen eta handik urtebetera Un futuro para nuestro pasado izenburupean argitaratu. Bestalde, Fontes Linguæ Vasconum, Punto y hora, Egin, Jakin, Diario de Navarra, Limits, eta Jazten aldizkarietan argitaratu ditu artikulurik garrantzitsuenak. Hogeita hamar urte daramatza euskararen egoera soziolinguistikaren ikuspegitik aztertzen, baita ikerketa soziolinguistikoak egiten ere. 1999an Márgenes de encuentro. Bilbao y el euskara. Aplicación sociolingüística de la territorialidad lana aurkeztu zuen, Bilbon euskararekin eta euskarak Bilborekin izan duen harremana aztertuz, eta 2000. urtean Lengua y pueblo liburua berrargitaratu zen, lehenengo ediziotik hogei urte pasa eta gero. Artikulu bilduma da liburua, eta argitalpen berrirako beste atal batzuk prestatu zituen idazleak, liburua osatuago atera nahian.