Sánchez Albornoz y Aboin, Nicolás
Espainiar historialaria (Madril, 1926). Claudio Sánchez Albornoz historialariaren semea. Haurtzaroa Madrilen igaro zuen, Gerra Zibilean, ordea, Bordelera joan zen hiru urtez. 1940an Espainiara itzuli zen bere arrebekin, baina aitak Argentinara ihes egin zuen. Historiako ikasketak hasi zituen Madrilen, eta Buenos Airesko Unibertsitatean amaitu zituen. 1947an atxilotu egin zuten Madrilen, Eskola Fundazio Unibertsitarioan egindako ekintzengatik. Espetxean egon beharrean, nahiago izan zuen Cuelgamuros lan eremura joan boluntario. 1948an ihes egin zuen Manuel Lamanarekin batera. Frantziako muga igarotzea lortu zuen eta hiru hilabetez Parisen egon ondoren Argentinara, aitarengana, joan zen. 1955etik aurrera irakasle izan ze Argentinako hainbat unibertsitatetan. 1968an Estatu Batuetara joan zen, eta Espainiako eta Latinoamerikako historiako eskolak eman zituen New Yorkeko Unibertsitatean. 1990ean Estatu Batuak utzi eta Espainiara itzuli zen, eta Karlos III.a Unibertsitatean hainbat mintegitan parte hartu zuen. 1991n Cervantes Institutuko zuzendari izendatu zuten. Lau urtez institutu hori martxan jartzeaz, zentroak egokitzeaz eta berriak sortzeaz arduratu zen. 1996ko hauteskunde orokorren ondoren, Santiago Mora-Figueroa jarri zen haren lekuan. Ikertzaile eta historialari gisa obra hauek idatzi ditu, besteak beste: La población de América Latina (1968, Latinoamerikako biztanleak), Los precios agrícolas durante la segunda mitad del siglo XIX (1975, Nekazaritza gaien prezioak XIX. mendearen bigarren erdialdean), Población y mano de obra en América Latina, Indios y tributos en el ato Perú (1978, Biztanleak eta esku lana Latinoamerikan, indioak eta zergak Peru garaian), El destierro español en América (1991, Espainiarren erbestealdia Ameriketan). Honoris causa doktore izendatu zuten Oviedoko Unibertsitatean 1994an.
- sanba
- sanba
- sanbo
- San-Ch’ung
- Sánchez Agesta, Luis
- Sánchez Albornoz y Aboin, Nicolás
- Sánchez Barbudo, Antonio
- Sánchez Borbón, Guillermo
- Sánchez Cárdenas, Francisco
- Sánchez Carrión, José María
- Sánchez Coello, Alonso