Ruiz Zorrilla, Manuel
Espainiar politikaria (Burgo de Osma, Burgos, 1833 - Burgos, 1895). Diputatu progresista izan zen (1858-1863) eta San Gil-eko kuarteleko matxinada gidatu zuen 1866an. Espainiatik alde egin behar izan zuen eta 1868. urteko iraultzan gauzatu zen konspirazioen buru bihurtu zen. Ministro izan zen Serranoren agintaldian eta Italiara joan zen Espainiako koroa Amadeo I.ari eskaintzera. Gobernuburua izan zen 1871-1873 urteetan. Amadeo I.ari erbestera lagundu zion eta errepublika onartzeko prest agertu zen koroa borboitarrei eskaintzen ez zitzaien artean. Cánovas-ek Espainiatik egotzi zuen. Alderdi errepublikar aurrerakoia sortu zuen 1880. urtean. 1883an errepublikaren aldeko matxinadetako konspiratzailea izan zen, eta hamar urte geroago Errepublikar Batasuna sortu zuen aurrerakoiekin eta errepublika zentralista aldarrikatzen zutenekin batean. 1895. urtean, gaixorik, alderdiaren lehendakaritza utzi zuen, Espainiara itzuli zen eta artxibo politiko guztiz aberatsa bildu zuen, Llopisek eta Alvaren Villamilek Cartas de conspiradores liburuan 1929an argitaratua.