Ruiz Olabuenaga, José Ignacio
Bizkaitar irakasle eta ikerlaria (Urduña, 1929). Soziologian doktorea da (New Yorkeko Fordham Unibertsitatea), baita Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan ere, Euskal Herriko Unibertsitatean. Soziologiako katedraduna da Deustuko Unibertsitatean (Bilbo), eta Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikorako Kabineteko zuzendaria, Euskal Soziologoen elkarteko lehendakaria eta CIINDES S.L. Soziologia Kabineteko zuzendaria. Irakasle gonbidatua izan da EHUn, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Valladolidekoan, Valentziakoan eta hainbat Udako Unibertsitatetan (Santander, Sevilla eta Donostia). Lurralde eta Inguruak aldizkarietako Zuzendaritza eta Idazketa Batzordeen kide da. Eusko Ikaskuntzaren Komunikabideak saileko lehendakaria izan zen 1978tik 1984ra. Ruiz Olabuenagaren ikerkuntza jarduerak hiru alor nagusi hartzen ditu: antolaketa soziologia, ikerketaren metodologia kualitatiboa eta hauteskunde soziologia. Argitaratu dituen lanen artean daude: Euskararen borroka; Plano electoral de Euskadi; Paulo Freire: Concientización y Andragogía; Sociología de las organizaciones; Sociología electoral de Euskadi; Clases sociales y aspiraciones vascos; Violencia y ansiedad social en el País Vasco; Inmigración Vasca; El extranjero en Europa; La juventud liberta.