Ruiz, Juan
(Arcipreste de Hita, «Hita-ko artziprestea», ere deitua). Gaztelako elizgizona eta poeta (Hita?, 1283 - Alcala, 1350). Erdi Aroko Gaztelako poema liburu aipagarriena idatzi zuen: Libro de buen amor (1330, Maitasun onaren liburua). Bizitzari buruz, berak liburu haren hitzaurrean emaniko datuak baizik ez dira ezagutzen. Juan Ruiz-ek Toledon egin zituen eliz ikasketak eta apaiz izan zen Hita-ko herrian, Alcala-tik hurbil. Badirudi bizi zelarik ospe handia ekarri ziotela berak moldaturiko herri kantuek. Libro de buen amor obran hamabi kontakizun poema aurkeztu zituen, cuaderna vía izeneko bertsoetan moldatuak gehienak, amodiozko menturei buruz. Buen amor (Jainkoaren maitasuna) eta loco amor (gizakien amodio haragikoia) direlakoen arteko aldeak nabarmentzen saiatu zen bere obran; horretarako ez zituen ezkutatu bere garaiko egunoroko bizitzako errealitatea eta mintzaira moldeak, eta satira zorrotz baten bidez aurkeztu zituen amodiozko egoerak. Gaztelako tradizio zaharra ongi ezagutzen zuen eta hartatik bilduriko pertsonaiak ere sartu zituen bere obran (Fernando de Rojas-en Celestina-rekin segida izango zuen Trotaconventos izeneko emakume maitale-hornitzaile zaharra, adibidez). Iturri ugari erabili zituen Juan Ruiz-ek, Biblia eta idatzi santuak, arabiarren tradizioa eta Erdi Aroko zaldun literatura, baina Gaztelako herri literaturatik jasotakoa nabarmendu zen etengaben bere obran.