Ruiz Martín, Felipe
Espainiar historialaria (Palacios de Campos, Valladolid, 1915). Valladolideko Unibertsitatean egin zituen historiako ikasketak 1931 eta 1935 bitartean, eta doktoregoko sari berezia eskuratu zuen. 1941ean katedra eskuratu zuen. 1961ean historia ekonomikoko Espainiako lehenengo katedradun izendatu zuten. Ikerketa lanei dagokienez, historia politikoaz eta bereziki nazioarteko harremanez jardun du. 1950eko hamarraldiaz gero hasi zen, halaber, historia ekonomikoa lantzen; izan ere, Ruizek Gaztelako XVI eta XVII. mendeetako ekonomiaren azterketa sakona egin zuen. Laguntza handia eman zion zeregin horretan Fernand Braudelek eta Parisko Ikerketa Zientifikoetako Zentro Nazionalean jardun izanak. Ikasketa haien eraginez idatzi zituen, esaterako, Les alumes espagnols, index de la conjunture économique de l’Europe au XVIeme siècle (1960) eta Lettres marchandes échangées entre Florence et Medina del Campo (1965) gutunak, 1990ean Pequeño capitalismo, gran capitalismo: Simón Ruiz y sus negocios en Florencia lanarekin osatuak. Baina aipagarriak ditu, era berean, La población española al comienzo de los tiempos modernos (1967), El Banco de España: una historia económica (1970), Los destinos de la plata americana, siglos XVI y XVII (1990), etab. La proyección europea de la monarquía hispánica (1996) talde lana zuzendu zuen halaber, eta Historia económica (1976) gidaliburua eman zuen argitara. Nekazaritza eta artzaintzari buruzko ikerketak ere egin ditu, eta laguntza handikoa izan da bere lana zenbait termino ekonomiko antzinakoen esanahaia ezagutzeko. Baina bere ekarpen nagusia Gaztela modernoko XV-XVIII. mende bitarteko historia ekonomikoaren aldiak bereiztea eta kronologiaren berrantolaketa egitea izan da.