Ruiz Soler, Antonio
(Antonio deitua). Espainiar dantzari eta koreografoa (Sevilla, 1921 - Madril, 1996). Realitorekin ikasi zuen dantza flamenkoa, eta Angel Pericet eta Mme. Fedorovarekin, berriz, dantza klasikoa; espainiar ballet flamenkoa eta klasikoa maisutasunez bateratu izana izan zen hain zuzen ere Antonioren lorpen handienetakoa. 1928an dantzatu zuen lehen aldiz jendaurrean, eta hamabost urtez bikotea osatu zuen Rosario dantzariarekin, Chavalillos sevillanos bikotean. Baina arrakasta Alfontso XIII.a eta Viktoria Eugenia errege-erreginen aurrean egindako emanaldiarekin lortu zuen lehen aldiz. 1946an Sarasateren Zapateado estreinatu zuten, Mexikoko Bellas Artes antzokian. Nazioarteko zenbait bira egin zituen bikoteak, baina 1952an bikotea hautsi egin zen, eta 1953an Antoniok bere ballet konpainia sortu zuen. Nazioarteko ospea lortu zuen dantza flamenkoa interpretatzeko erakutsi zuen trebetasunari esker. Bere ballet ikuskizun nagusietan aipagarriak dira Fallaren El amor brujo, Albénizen Rapsodia española, E. Halffterren Sonatina, Antonio Solerren Sonatas, etab. Espainiako dantzen dantzari bikainenaren ospea du nazioartean, dantzaren alor guztietan trebetasun handia erakutsi baitzuen, hasi flamenkotik eta bolerora; bera izan zen martinetea dantzatzen lehena eta birtuosismo aparta erakutsi zuen zapateadoetan.