Ruiz-Giménez, Joaquín
Espainiar politikari, abokatu eta kazetaria (Hoyo de Manzanares, 1912). Ministro liberal baten semea. Oso gazterik hasi zen ikasle katolikoen taldeetan lanean, harik eta ikasle katolikoen lehendakari bihurtu zen arte. Frankismoaren garaian buruzagi demokristau ezaguna izan zen. Besteak beste, Instituto de Cultura Hispánica (1946-1948) erakundearen zuzendari izan zen, eta Vatikanoaren enbaxadore (1948) 1953ko Konkordatuaren elkarrizketetan. 1951n Hezkuntza Nazionaleko ministro izendatu zuten. Oro har, erregimenarekiko ezadostasunak izan zituen eta ikasleekin gertaturiko gorabehera batzuen ondorioz, liskarrak izan zituen Gobernazioko ministroarekin; gobernuari arazoak sortu zizkionez bere jarrerarekin, bere kargutik kendu zuten 1956an. 1961ean Francok Movimientoko aholkulari nazional izendatu zuen. 1963an Cuadernos para el Diálogo aldizkaria sortu zuen, eta bera buruzagi zuten demokristau aurrerazaleen protestak kaleratu zituen diktaduraren azken urteetan. 1977ko hauteskundeetan emaitza onik lortu ez zuenez, bertan behera utzi zuen politika, baina 1982-1988 bitartean Herriarren Defendatzaile izan zen.