Ruiz-Gallardón Jiménez, Alberto
Espainiar politikari, abokatu eta fiskala (Madril, 1958). Unibertsitate Complutensean egin zituen zuzenbideko ikasketak, eta 23 urterekin oposizioetan parte hartu ondoren fiskal postua eskuratu zuen. 1977. urtean Alianza Popular (AP) alderdian sartu zen. 1983an Madrilgo zinegotzi izendatu zuten, 1986an alderdiko zuzendaritzan sartu zen eta APren estatutuen idazketan parte hartu zuen. Jorge Verstrynge idazkari orokorra bere kargutik kendu zutelarik, Alberto Ruiz-Gallardónen esku gelditu zen kargu hura 1986an, eta urte hartan bertan Madrilgo Autonomia Erkidegoko lehendakaritzarako hautagai izendatu zuten. 1987an APko lehendakariorde izendatu zuten (lau ziren kargu horretan), eta, besteak beste, Madrilgo Komunitateko senatari hautatu zuten. 1988an, bertan behera utzi zituen alderdi barruko kargu guztiak, Hernández Mancha alderdi buruarekin izandako gorabeheren eraginez, baina 1989an berriro itzuli zen zuzendaritzara, Fragaren agintaldian. 1989ko hauteskundeetan senatari karguan berretsi zuten, eta baita 1993an ere, eta 1991n berriro izan zen Madrilgo Erkidegoko lehendakarigaia; hauteskunde haiek ez, baina 1995ekoak irabazi zituen, eta, harrezkero, kargu horretan jardun du buru-belarri.