Rude, François
Frantses eskultorea (Dijon, 1784 - Paris, 1855). Dijonen, Parisen eta Erroman egin zituen Arte Ederretako ikasketak. Azken hiri horretako saria eskuratu zuen 1812an. Bonapartisten aldekoa zenez Belgikara atzerriratu behar izan zuen borboitarrak Frantzian finkatu zirenean. 1828an itzuli zen Frantziara eta Ama Birjina Sortzez Garbia eta Merkurio hegalak helduz eskultura aurkeztu zuen Parisen. 1792ko bolondresen martxa edo Marseillese izenaz ezagutzen den erliebea landu zuen Parisko Garaipen-Arku ospetsuan (1835-1836). Tradizio klasikoan oinarrituriko eskulturak zizelatu zituen; bestalde, bere garaiko giro erromantikoko jarraitzailea izan zen. Harenak dira, halaber, Gaspar Mongeri eginiko bustoa, Cavaignac jeneralaren hilobia (1847) eta Napoleon hilezkortasunari dei egiten obra (1848).