Rudolph, Paul
Estatubatuar arkitektoa (Elkton, Kentucky, 1918 - 1997). Lehenengo ikasketak Alabamako Institutu Politeknikoan egin zituen, Auburnen, eta ondoren Harvardeko Unibertsitatean osatu zituen, Cambridgen. Han graduatu zen 1947. urtean eta bere estudioa sortu zuen 1952an. Rudolphek alde batera utzi zuen Bauhausen tradizio estua bere lanetan, eta adierazkortasun handiagoko bideak bilatu zituen, formak adierazmolde gisa duen ahalmena azpimarratuz. Hasierako obretan ekonomia bilatu zuen, koherentzia eta forma soiltasuna, adibidez Wellesley Collegeko Mary Cooper Jewett Centerren (Massachusetts, 1955 eta 1958). 1958an Yale Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko zuzendari izendatu zuten, eta harrezkero forma konplexuagoak erabiltzen hasi zen. Formarekiko kezka hainbeste nabarmendu zen bere obran, non “Brutalismo Berria” joeraren baitan sailkatu zuten, beren konplexutasunagatik eta zailtasunagatik fisikoki ia ezin egin daitezkeen obrak egiten dituzten egileen sailean alegia. Horrela, bereziki ingurune urbanoetarako eta akademikoetarako prestaturiko diseinu dramatiko konplexuek eman zioten ospea. Lan nagusiak New Havenen egin zituen, adibidez Yale Unibertsitateko garajea (1958-1964), Agronomoen fakultatea (1958), mila eta bostehun autorentzako garajea (1959), zaharrentzako etxeak (1965) etab. Aipagarriak ditu, aurrekoez gainera, Alabamako Tuskegee Chapel (1960), Jacksonvilleko etxea, Floridan (1962), Bostongo Governement Center (1963), Siracusako udaletxea(1964) eta bere lan bitxienetako bat, Yaleko Arte eta Arkitektura Eskola (1963), 9 solairukoa, barruan 36 maila desberdin dituena. 1965ean New Yorkera aldatu eta Statford Harbour egoitza etxeen saileko proiektua osatu zuen 1966an, eta 1968an New Yorkeko Graphic Art Center. Aurrerantzean udal proiektuak prestatzen eta modulukako sistemak lantzen jardun zuen nagusiki.