Rudin, Mary Ellen
(Jaiotza izena, Mary Ellen Estill). Estatubatuar matematikaria (Hillsboro, Texas, 1924). Jatorri apaleko familia batean sortu zen. Texasko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han zaletu zen matematikarekin. R.L. Moore ikertzailea izan zuen irakasle, eta hark sorturiko Moore metodoaren eraginez hasi zuen, hain zuzen ere, matematiketako karrera. 1944an lortu zuen graduazioa eta handik lau urtera doktore egin zen. Harrezkero, Duke Univertsitateko irakasle izan zen 1953. urtea arte, eta Walter Rudin matematikariarekin ezkondu ondoren Rochesterko Unibertsitateko irakasle bisitari eta Wisconsineko Unibertsitateko irakasle gisa lan egin zuen; gaur egun Wisconsingo Unibertsitateko irakasle emeritua da. Matematikako ikerketei dagokienez, multzoen teoria izan da hainbat urtez bere aztergai nagusia, eta bereziki nabarmendu da kontraadibideen osaeran. Bestalde, hainbat matematika elkarte eta erakundetako kide izan da, bestek beste Amerikako Matematika Elkartekoa, Emakume Matematikarien Elkartekoa, Logika Sinbolikoaren Elkartekoa eta Matematikako Amerikar Elkartekoa (AMS), zeinaren zuzendariorde izan baitzen 1980-1981 urteetan. Beste hainbat lanaren artean ezin da alde batera utzi Mary Ellen Rudinek bere karrera guztian zehar nabarmendu eta aldarrikatu duena, amarena alegia; beti azpimarratu du matematikak bezain garrantzitsua dela bere familia bizitza eta biak bateratzen saiatu izan da.