Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roberto

Eskoziako hiru erregeren izena. v Roberto I.a Bruce. Eskoziako erregea 1306-1329 urteetan (Turnberry, Ayrshire, 1274 - Cardross-eko gaztelua, Dumbarton-dik hurbil, 1329). Eduardo I.aren gortean iragan zuen gaztaroa eta hari leialtasuna gordeko ziola zin egin zion 1296an. Hala eta guztiz ere urte berean Wallace-rekin bat egin zuen eta Eskoziako matxinadan hartu zuen parte. Eduardo I.aren ondoan zen berriro ere 1304an, baina bi urte geroago John Comyn hil zutenean eskoziar abertzaleen buruzagi bihurtu zen eta errege izendatu zuen bere burua. Berehala hartu zuen bere mende Eskoziako hego-mendebala eta Ingalaterrako Eduardo I.a hil zenean elizaren laguntza jaso zuen eta ingelesak bota zituen Eskoziatik. v Roberto II.a Estuardo. Eskoziako erregea 1371-1389 urteetan (?, 1316 - Dundonald, 1390). Osaba David II.aren lekua hartu zuen 1318. urteko ondorengotza aktaren ondorioz. Frantziaren aurkako guduak galdu bazituen ere, Ingalaterraren garai hartako ahultasunaz baliatu zen berak nahi zuen politikagintza bideratzeko. Roberto Fifekoa, hirugarren semea, izendatu zuen errege 1389. urtean. v Roberto III.a. Eskoziako erregea 1390-1406 urteetan, Roberto II.aren eta haren maitalea zen Elizabeth Mure-ren semea (?, 1340 - Rothesay?, 1406). Aginpidera heldu zenean benetako izena Joan Roberto izenaz aldarazi zuen. Bere anaia Roberto Erregeak goberna zezan utzi zuen, Albanyko duke izendatuta. Roberto II.aren seme zaharrena zen David Rothesay-ko dukea izan zuen etsai nagusia agintaldian izan zen artean.