Riego, Rafael del
Espainiar militar eta politikaria (Santa María de Tuñas, Asturias, 1785 - Madril, 1823). Frantsesen aurka borrokatu zen Espainiako Independentziako gerran, eta Napoleonen gudarosteak preso eduki zuen 1814 arte. Gudarostean sartu zen berriro eta konstituzioaren aldeko mugimendaren buru bihurtu zen 1820ko urtarrilaren 1ean. Nagusi jardun zuen Riegok Andaluzian eta Fernando VII.ak Espainiako konstituzioa ezagutu orduko armak utzi zituen. Galiziako kapitain nagusi izendatu zuten, baina arazo batzuk izan ondoren Aragoira aldatu zuten. 1821ean betikoz kendu zioten kargua, ezker muturreko liberalen alde zegoelako. Diputatu egon zen gorteetan, masoi talde baten bozeramaile eta gudarosteko buru jardun zuen berriro San Luisen Ehun Mila Semeen erasoari erantzuteko (1823). Traidore batzuek saldu zuten Sierra Morenako mendietan, eta preso hartu eta Madrila eraman zuten. Epaitu eta urkatu zuten. Hil ondoren Espainiako iraultzaile liberalen irudi nagusi bihurtu zen, eta berak 1820an bere gudari talde iraultzaileentzat idatzarazi zuen martxa militarra izan zen errepublikazaleen himno nagusia. Orobat, Espainiako bigarren Errepublikako himno ofiziala izan zen Riegoren Himnoa deituriko martxa (1931-1939).