Riechman, Jorge
Espainiar idazlea (Madril, 1962). Letretako ikasketak egin zituen eta irakasle da Bartzelonako Unibertsitatean. Gainera, ekologista da, Maiatzaren Lehena Fundazioko ingurumen sailaren zuzendaria. Poeta gisa Cántico de la erosión (1987, Erosioaren kantika, Hiperion sariaren irabazlea) liburuarekin eman zuen bere burua ezagutzera. Handik aurrera XX. mendearen bukaerako espainiar poesiaren ahots originaletako bat ez ezik, Jorge Riechman erreferentzia puntu bat izan da poeta gazte, erradikal, ikonoklasta eta bide urratzaileentzat. Aitzindaritza lan hori dela eta, Espainiako egungo poesia antologia inportantenetan agertzen da bere obra. Bere poesiaren ezaugarriak aipatzean, Riechmanek berak dio bere poesia "atsekabearen poesia" dela, ilusio estetikoa haustea du jomuga, adimena eta emozioa kausa bakar baten esanetara jartzeko, poetaren inguruko mundua aldatzeko. Poesia kontsolagarri eta malenkoniatsuari kontrajarriz, Riechmanek atsekabearen poesia amorratua eskaintzen du. Poetaren inkonformismo horren atzean gizarte talde behartsuenen esplotatzaileen eta naturareen suntsitsaileen aurkako jarrera erradikala dago. Lanik aipagarrienak: Cuaderno de Berlín (1989, Berlingo koadernoa); Veintisiete maneras de responder a un golpe (1993, Kolpe bati erantzuteko hogeita zazpi modu); Materia móvil (1993, Materia mugikorra); El corte bajo la piel (1994, Azalpeko ebakia); Baila con un extranjero (1994, Atzerritar batekin dantzan); Donde es posible la vida (1995, Bizitza posible den lekuan); La lengua de la muerte (1977, Heriotzaren mingaina); El día que dejé de leer EL PAÍS (1977, EL PAÍS irakurtzeari utzi nion eguna). Bestalde, literaturaren teorialari gisa ere zenbait lan argitaratu du.