Rienzo
edo Rienzi, Cola di. (Jaiotza izenaz Nicola di Lorenzo). Italiar politikaria (Erroma, 1313 - Erroma, 1354). Erromako hiriak galduriko handitasuna berreskuratzen saiatu zen, eta XIX. mendeko artista erromantikoen literaturako pertsonaia bihurtu zen (Edward Bulwer-Lytton, Rienzi nobela, 1835) eta orobat musikakoa (Richard Wagner, Rienzi opera, 1842). Ama hil ondoren, 1323an, Anagni aldera bidali zuten eta Erromara itzuli zen hamar urteren buruan, ikasketak egitera. 1343an, Avignon-go hirira bidali zuen Erromako hiriak Klemente VI.a Aita Santuaren aurrean hiri haren aldeko jestioak egitera. 1344an itzuli zen Erromara eta, herria lagun zuela, nobleen aurkako matxinada bat antolatu zuen 1347an. Tribuno izendatu zutelarik, neurri eta lege bereziak eman zituen bere hiria antzinako Erromako errepublikaren parera goratu nahian. Erromako goi nobleak, Orsini eta Colonna familiek gidaturik, gaizkile eta paganotzat salatu zuten eta, Avignon-go Aita Santuak lagunduta, haren aurkako jazarriari ekin zioten. Abruzzi-ko mendietan babestu zen hasieran eta Pragara joan zen 1350ean. Karlos IV.a enperadoreak atxilotzeko agindua eman eta Klemente VI.a Avignon-go Aita Santuaren aurrera eraman zuten 1352an. Kargurik gabe utzi zuen, ordea, Inkisizioak, eta Erromara itzuli zen ondoren, Inozentzio VI.ak Gil de Albornoz kardinalarekin batean hara bidalita. Erromako senatari bakar izendatu zuten 1354an, baina Colonna familiak ezarri zizkion oztopoak ezin gainditurik, gehiegizko zergak ezarri zizkion Rienzok Erromako herriari eta, azkenean, hil egin zuten liskar batean.