Riefenstahl, Leni
Alemaniar antzezlea, argazkilaria eta zinema zuzendaria (Berlin, 1902). Antzezle izan zen 1923tik aurrera, Alemanian arrakasta handia izan zuten mendi filmetan. 1932an Das Blaue Licht (Argi Urdina) filma egin zuen. 1933tik aurrera alderdi nazional-sozialistaren laguntza izan zuen, eta erregimen berriaren aldeko filmak egin zituen: Sieg Des Glaubens (1933), propagandazko film laburra eta Triumph des Willens (1934, Borondatearen garaipena) baliabide askorekin egindako film bikaina, alderdi nazional-sozialistak Nurenberg-eko hirian egin zuen biltzar handia agertzen duena, dokumentalaren teknika, sobietar zinemaren eragina duen montaketa eta nazismoaren goraipamena nahasten dituena. 1936an Berlingo Olinpiar Jokoei buruzko film bat egin zuen, Olympische Spiele (1936, Olinpiar Jokoak). Gerra ondoren argazki bildumak argitaratu zituen.