Richthofen, Manfred
(Der Rote Freiherr «Baroi gorria» deitua). Alemaniar hegazkin pilotua (Wroclaw, Breslau alemanez, Polonia, 1892 - Vaux-sur-Somme, Frantzia, 1918). Richtofen-go baroia zen. Militarren eskolan hasi zen gaztetan, eta 1912an teniente egin zuten. Lehen Mundu Gerraren hasieran Errusiako eta Belgikako fronteetan borrokatu zen eta 1915ean sartu zen Aireko gudarostean. 1916an egin zuen lehen hegalaldia gerra pilotu gisa, eta 1917an izendatu zuten hegazkin taldeko buru. Garaipen handiak lortu zituen eta guztiz ospetsu bihurtu zen bere Fokker gorrian eginiko balentriengatik. 1918an hil zuten airean, Frantziako Amiens hiritik hurbil, eta Hermann Göring-ek hartu zuen hegazkin talde haren zuzendaritza. Oroitzapen liburu bat idatzi zuen 1917an: Pilotu gorria.