Ribbentrop, Joachim von
Alemaniar politikaria (Wesel, 1893 - Nurenberg, 1946). Nazien diplomazia burua izan zen 1933-1945 urteetan. Alemanian, Suitzan, Frantzian eta Ingalaterran egin zituen ikasketak eta 1910ean Kanada aldera joan zen. Alemaniara itzuli zen Lehen Mundu Gerraren garaian (1914) eta hango gudarosteko ofizial jardun zuen gerra amaitu arte. 1920an Henkell ardogile aberatsaren alabarekin ezkondu zen, eta beregain ibili zen handik aurrera. 1932an ezagutu zuen Adolf Hitler eta berehala sartu zen alderdi nazionalsozialistan. 1933an, Hitler-ek aginpidea hartu orduko, arduratu zen nazien kanpo arazoez eta armen uztearen aldeko batzarrean parte hartu zuen Genevan 1934an. Ingalaterran enbaxadore izendatu zuten 1936an eta Kanpo Arazoetarako ministro 1938an. Ribbentrop-en lorpen handiena Sobietar Batasunarekiko ituna izan zen (1939ko abuztua), haren ondoren, 1939ko irailean, libre izan baitzuten naziek Poloniaren konkistarako eta, beraz, Bigarren Mundu Gerrarako bidea. 1940ko irailean Alemaniaren, Italiaren eta Japoniaren arteko ituna izenpetu zen Ribbentrop-en gidaritzapean, baina berehala apaldu zen haren itzala buruzagi militarren artean. Hanburgon 1945eko ekainean preso hartu, eta 1946an hil zuten urkaturik, Nurenbergeko auzian hiltzera kondenaturik. Zwischen London und Moskau (Londres eta Mosku artean) izeneko oroitzapen liburua idatzi zuen kartzelan.