Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ribaut

edo Ribault, Jean. Frantses kolonizatzailea (Dieppe, 1520 - Florida, 1565). Protestantea zen eta Floridako lurretan higanote frantsesentzat kolonia bat eratzeko agindua jaso zuen Coligny almirantearengandik. 1562an Floridara joan eta itzuleran Ingalaterran babestu zen, erlijio gerra zela eta. Preso hartu zuten, ingelesen kanpaina kolonial batean parte hartu nahi izan ez zuelako, eta Whole and True Discovery of Terra Florida (Floridako Lurraren benetako aurkikundea) izeneko txostena idatzi zuen kartzelan. Libre utzi ondoren, berriro bidali zuen 1565ean Coligny-k Florida aldera, han finkatu ziren higanot frantsesen kolonia, Fort Caroline izenekoa, antolatzeko; baina Menéndez Avilés buruzagi espainiarrak frantses kolonia xehakatzea agindu eta eraso hartan hil zuten Ribaut.