Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ribagorza

(Katalaneraz Ribagorça). Pirinioetako lurraldea, Aragoiko ipar-ekialdean (Huescako ipar-ekialdea) eta Kataluniako ipar-mendebalean (Lleidako probintziako ipar-mendebala). Noguera Ribargoçana eta Cinca ibaien artean zabaltzen da, eta Pirinioetako gailurretatik Lliterako lurralde lauetaraino. Bi eskualde nagusi bereizten dira: Ribagorza Garaia (Alta Ribagorça), menditsua, Vilaller hiri nagusia duela, eta Ribagorza Beherea (Baixa Ribagorça), zelaiagoa, Graus, Benabarre eta Barbastro direla hiri nagusiak. v Hizkuntza. Katalanera nagusitu zen Ribagorzan XI. mendetik aurrera (dialecte ribagorçà), eta bizirik dirau gaurko egunean ere Kataluniako aldean eta Aragoiko hainbat herritan. v Historia. Erromatarren garaian euskal etniako herriak bizi ziren Ribagorzan. VII. mendean frankoen mendean geratu zen Ribagorzako konderria eta IX. mendean beregain jarri zen Pallarskoarekin batean. IX. mendearen bukaeran zabaldu ziren Huescako musulmanak hangoo lurralde zelaietara, eta 922an bereizi ziren Ribagorzako eta Pallarsko konderriak. X. mendean hasi ziren Aragoiko kondeak hango lurretan nagusitzen eta XI. mendearen hasieran egotzi zituen Antso III.a Nafarroako erregeak musulmanak ordokietatik. Antso III.a hil ondoren (1035), Gonzalo haren semea geratu zen Ribagorzako eta Sobrarbeko lurren jabe eta 1044an nagusitu zen bere anaia Ramiro I.a Aragoikoa. Ordutik aurrera lotu zitzaion Ribagorzako konderria Aragoiko erresumari.