Raimon
(Jaiotza izenaz, Raimon Pelegero i Sanchis). Valentziar kantaria eta kantagilea (Xàtiva, 1940). Nova cançó taldeko kide izan zen. 1962. urtean lehen diskoa Al vent aurkeztu zuen. 1963. urtean Festival dela Cançó Mediterranea de Barcelona irabazi zuen, Se’n va anar (Joan zen) abestiarekin. 1964. urtean grabatu zuen bigarren diskoa, Diguem no. Raimon-ek Kataluniako poeta klasikoen lanak musikatu izan ditu, J. Timoneda eta A. March-enak, besteak beste. Hasierako aldian existentzialismoa da nagusi, baina geroago, salaketa, egoera politikoa eta Katalunia hartu zituen gai nagusitzat. Raimonen azken diskoak dira: Entre la nota i el so (1984); Presències i oblit (1987); eta Raimon canta a Ausiàs Marc (1989). 1994. urtean Frantziako Diskoaren Akademia Berriaren saria irabazi zuen.