Raimundo Gilen
Zuberoako bost bizkonderen izena. v Raimundo Gilen I.a. (1040-1085). Zuberotarren eta biarnotarren arteko tirabirak areagotu ziren haren agintaldian; 1058an zuberotarrek Zentulo V.a Biarnokoa hil zuten, eta Raimundo Gilen I.ak Oloroeko apezpikuagana jo behar izan zuen babes bila. Oloroeko eliz barrutiaren barnean geratu zen Zuberoa osoa, apezpikuak emaniko laguntzaren ondorioz. 1078an bake hitzarmena sinatu zuten Zuberoako eta Biarnoko bizkondeek. 1085ean hil zen Raimundo Gilen I.a., eta Gilen Fort II.a izan zen beraren ondorengoa. v Raimundo Gilen V.a. (1244-1257). Raimundo Gilen IV.aren semea zen. Ez zion men egin Henrike III.a Ingalaterrako erregeari, aurrekoek bezala; leialtasuna eskaini zion Nafarroako erregeari, Biarnoko edo Akitaniako jaun eta dukeen aurkako auzietan. Laguntza handia eman zion Nafarroako erregeari gaur egungo Nafarroa Behereko lurraldeetako jaunen onespena lortzen. 1249an ez zion jaramonik egin Simon Monfortekoak Ingalaterrako erregea onar zezan eginiko deiari, eta urte berean sartu ziren ingelesak Zuberoan. Gatazkek zortzi urte iraun zuten, eta 1257an Liginagako jaunak Ingalaterrako erregearen alde jarri eta Mauleko gaztelua setiatu zuen. Setioan hil zen Raimundo Gilen V.a. Oier III.a haren semea jazarri zen hurrena ingelesen aurka, eta 1261ean izenpetu zuen hitzarmenaren arabera, uko egin behar izan zion Zuberoari, Landetako lurralde batzuen truke. Nafarroara joan zen Oier III.a eta Arrada edo Rada-ko jaurgoa eman zion Nafarroako erregeak. Horren ondoren nagusitu ziren Zuberoan bizkonde biarnesak.