Rai, Ray
edo Rayy. (Pertsiera zaharrean Ragha; Lat. Raghae). Antzinako Pertsiako hiria. v Historia. Hiri santu gisa ageri da Zoroastroren Avesta erlijio liburu zaharrean, eta haren aipamena egiten da Biblia apokrifoan (Tobiasen liburua) eta beste liburu klasiko batzuetan. Hiri garrantzitsua izan zen akemenarren garaian (K.a. VIII-K.a. III.). Arabiarrek konkistatu zuten 641. urtean eta al-Mahdi kalifaren garaian Asiako mendebaleko hiri nagusia izan zen, Damaskoren eta Bagdaden ondoren. Hiri guztiz ederra zen, kronikari musulmanen arabera, eta ospe handia zuten hango zetazko oihal dekoratuek, adreiluzko eraikin dotoreek eta zeramika urdinek. Hiri garrantzitsua izan zen seljuktarren garaian, baina gainbehera etorri zen erlijio gatazka latzen ondorioz. 1220an mongoliarrek hiria suntsitu zuten eta guztiz xehakatu zituzten biztanleak. Bizirik iraun zuten gehienek Teheran aldera jo zuten eta berehala geratu ziren lurpean hiriko hondakinak (hondaturiko bi dorre baizik ez ziren zutik geratu, seljuktarren garaikoak biak). Arkeologia aztarnategia egungo Shahr-e-Ray hirian dago, Teherango hiritik hurbil. Eta K.a. 3000. urte inguruko aztarnak aurkitu dira han. Xiien erromesgunea da gaur egun Shahr-e-Ray hiria.