Rahner, Karl
Alemaniar teologo katolikoa (Friburgo, Alemania, 1904 - Innsbruck, Austria, 1984). Jesusen Lagundian sartu zen 1922. urtean, eta Innsbruck-en teologiako ikasketak egin ondoren, apaiz egin zen (1932). Friburgo-n filosofiako ikasketak egin zituen Heidegger-ekin (1934-1936); oso ezagun egin zen 1939. urtean idatzi zuen Geist in Welt (Izpiritua munduan) tesiari esker. Bavarian egon zen apaiz Bigarren Mundu Gerra garaian, eta, hura amaitutakoan, teologia irakatsi zuen Pullach-en (1945-1948) eta Innsbruck-en (1949-1963). Koening kardinalaren aholkulari zen 1961. urtean eta bi urte geroago Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko teologo; Paulo VI.a Aita Santuak eratu zuen nazioarteko Teologia Batzordeko kide izan zen. Eragin handia izan du Rahner-ek gaur egungo teologoengan. Obra nagusiak: Hörer des Wortes (1941, Hitzaren entzuleak), Sendung und Gnade (1966, hiru liburuki; Misioa eta Grazia), Grundkurs des Glaubens (1976, Kristau fedearen oinarrizko ikastaroa) eta Die siebenfältige Gabe: über die Sakramente der Kirche (1974).