Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ragusa

Italiako hiria eta izen bereko herrialdeko (1.614 km2 eta 287.927 biztanle) hiriburua, Siziliako hego-ekialdean, Irminio ibaiak eratzen duen haranaren gainean, Siracusa-ko hiriaren mendebalean. 67.748 biztanle. Bi auzo nagusi bereizten dira Ragusako hirian: Ragusa Ibla edo auzo zaharra, hiriaren behealdean dagoena, eta hiri modernoa, Iblei mendiaren mazelean eraikia. Harmaila luze batek lotzen ditu bi auzoak. Ekonomiari dagokionez nekazaritza produktuen merkataritza (mahastiak, zitrikoak) eta industria (petrolio findegiak, eraikuntzarako gaiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XVIII. mende hasierako katedrala, mende bereko San Giorgio basilika eta XV. mendeko Santa Maria della Scale elizaren hondakinak. 1693. urteko lurrikarak ia erabat suntsitu zuen hiri zaharra.