Picazo, Miguel
Espainiar zinema zuzendaria (Jaen, 1927). Zuzenbideko ikasketak, zinema zuzendaritzakoak (Madrilgo Zinemako Eskola Ofizialean) eta, ondoren, psikologiakoak (Bostonen) egin zituen. Ohiko pertsonaien eguneroko bizitza itxuraz sinplean agertzen diren tentsioak eta frustrazioak ikertu ditu trebetasun handiz, adibidez bere lehenengo film luzean, Unamunoren izen bereko obran oinarrituriko La tía Tula (1964) filmean. Baina hasieran espainiar zinemagintza berriaren bidetik heldu zion arren, zentsuraren eraginez, telebistarako lan egin beharraren eraginez eta bere filmen komertzializaziorako zailtasunen eraginez, Oscuros sueños de agosto (1967, Víctor Ericerekin batera idatzia), El hombre que supo amar (1976) eta Los claros motivos del deseo (1976) filmatu ondoren, bertan behera utzi zuen zinemagintza, harik eta 1985ean Extramuros (1985) zuzendu zuen arte. Telebistarako egokitzapen literarioak eta haurrentzako programak egin izan ditu, adibidez Rinconete y Cortadillo (1971), Crónicas de un pueblo (1971), Cuentos de la Alhambra (1974) etab. 1997an Goya sari bat eman zioten, bere ibilbidearengatik.