Picasso, Pablo Ruiz
Espainiar margolaria, eskultorea eta zeramikagilea (Malaga, 1881 - Mougins, Itsas Alpeak, 1973). Aita margolaria eta arte irakaslea zuen. 1891n familia osoa Coruñara joan zen eta 1895ean Bartzelonara; hango “Escola de Llotja”-n ibili zen margolaritza ikasketak egiten, baina ordurako erakutsia zuen pinturarako gaitasuna, erraztasuna eta jeinua. 1899an Els Quatre Gats kabaretean biltzen ziren katalan higikunde modernistako artisten ezagutza egin eta haien bidez ezagutu zituen Greco, Zurbarán eta Kataluniako Erdi Aroko eskultura; 1900ean egin zuen lehen bakarkako erakusketa Els Quatres Gats-en. Urte hartan bertan Parisa abiatu zen lehen aldiz. Garai hartan figurazio akademikoa baztertu zuen, eta kabaretetako ikuspegiak eta emagalduen erretratuak egin zituen (1900, Le Moulin de la Galette; 1901, Femme au chien). v Aro urdina eta aro arrosa. 1900etik 1904ra hiru bidaldi egin zituen Parisa eta 1904an han kokatu zen. Harremanak izan zituen artista askorekin eta pintore eta arte joera oso desberdinen eragina izan zuen: Lautrec, Gauguin, Greziako artea, Espainiako tradizioa… Garai honetakoa du «Aro urdina» esaten zaiona: joera sinbolistako koadroak, pierrotak, kabareteko dantzariak eta emagalduak irudikatzen zituztenak, behartsuenganako errukiz beteak, urdina zutela kolore nagusia (La Nana; L’Arlequin; La vie). 1905etik 1907rakoa du «Aro arrosa», munduaren ikuskera baikorragoa adierazten duena, arrosa eta kolore argiak nagusi dituena eta arlekinak eta zirkuko jendea irudikatzen dituena (Acrobate à la boule; Les bateleurs; Enfant et saltimbanque assis). v Kubismoa. 1906an Andorran egin zuen egonaldiaren ondoren kolore arreak erabiltzen hasi zen, bolumenak eta formak soildu eta gogortu zituen eta Cézanneren, eskultura iberiarraren eta arte beltzaren eragina izan zuen: Portrait de Gertrude Stein; Femmes nues; Les Demoiselles d’Avignon. Kubismoaren aitzindaritzat joa izan den koadro hau figurazioarekiko erabateko haustura ekarri zuen, harridura handia sortu zuen eta 1937 arte ez zen jendaurrean erakutsi. 1907tik 1914ra Braque eta Gris pintoreekin batera kubismoa sortu zuen, gauzakiak kuboen eta irudi geometrikoen bidez ikuspegi anitzetatik irudikatzen zituen arte joera. Cézanneren eragineko aro kubistaren ondoren kubismo analitikoa landu zuen: bolumenak planoetan eta angeluetan banatu zituen, Errenazimentutik jasotako perspektiba desagertarazi zuen, kolore grisak eta arreak bakarrik erabili zituen eta kolokan jarri zuen ordu arte artelanak ulertzeko erabiltzen zen irizpidea (1909-1910, Portrait d’Ambroise Vollard; 1910, Portrait de D.H. Kahnweiler). 1912ko bukaeran kubismo sintetikoa landu zuen: kolore biziagoak erabili zituen, collage-aren teknikaz baliatu zen, elementu errealak pinturarako gai bihurtu zituen eta sakontasun gabeko planoen bidez gauzakien formak eta ezaugarri nabarmenenak iradoki zituen (Feuille de musique et guitare; Bouteille, verre et violon; Portrait de jeune fille). Picassoren aro kubista 1914 inguruan amaitu zen, gerora joera kubistako zenbait margolan egin bazituen ere (1921, Les trois musiciens). v 1917an Jean Cocteaurekin batera Erromara joan zen Diaghileven errusiar balletentzat dekoratuak egitera, Satieren Parade balleteko jantziak eta eszenografia besteak beste. Han Olga Koklova dantzaria ezagutu zuen eta harekin ezkondu zen. Garai horretako margolanetan klasizismoaren eragina izan zuen (1922, Deux femmes courant sur la plage; 1923, Portrait D’Olga; 1923, Flûtes de Pan). 1925etik aurrera Picassoren estiloa zeharo bestelakotu zen, surrealismoaren eraginez besteak beste; margolan nahasi, korapilatsu eta oinazetuak egin zituen, etsipena, kezka eta larridura adierazten zutenak, munstro itxuragabeez eta sexu erreferentziez beteak (1927, Bagneuse; 1931, Figures au bord de la mer). 1933-1935ean Minotauroa, hil zorian dagoen zaldia eta negarrez ari den emakumea irudikatu zituen behin eta berriz (1935, Minotauromachie izeneko grabatu saila). 1936an Francoren aurkako margolan sail bat egin zuen, Songes et mensonges de Franco, eta 1937an Gernikako bonbardaketa salatzeko bere koadrorik ezagunena egin zuen Parisko Erakusketa Unibertsaleko Espainiako pabilorako: Gernika. v 1937az geroztik karikatura itxurako emakumezko erretratuak pintatu zituen: aurpegi bihurritu eragabeak, bortxaz eta trufaz irudikatutakoak (1937, Portrait de Dora Maar; 1937, Femme qui pleure). 1944an alderdi komunistako kide egin zen; 1949an Usoaren irudi ospetsua sortu zuen Bakearen Nazioarteko Kongresuaren kartelerako. 1948tik aurrera Frantziako Kosta Urdinean bizi izan zen; zeramika eta litografia landu zituen eta etengabe ari izan zen adierazpide berrien bila; eskulturak egin zituen, asko eta asko han-hemenka aurkitutako gauzakiekin eginak (1950, La Chèvre; 1952, Guenon et son petit) eta baikortasuna eta bizi-poza adierazten duten koadroak margotu zituen. 1958an Jacqueline Roquerekin ezkondu zen eta haren erretratu sail bat egin zuen. Picassoren azken hamabost urteetako lana molde anitzekoa izan zen: tauromakia gaitzat harturik egindako lan grafikoa (Romancero du picador), liburuetarako ilustrazioak, koadro ospetsuen gainean egindako interpretazioak eta aldaerak (1955, Femmes d’Alger, Delacroixen koadroan oinarritua; 1957, Ménines; Velázquezen koadroan oinarritua; 1960, Déjeuner sur l´herbe, Maneten koadroa oinarri harturik). v XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetako bat da Picasso, irudimen handikoa, teknika guztiak maisutasun handiz menderatzen zituena, etengabeko bilaketan ari izan zena, erronkazalea eta emankorra oso. Haren lanak erabateko haustura ekarri zuen ordu arteko arte joerekiko, lilura eta harridura sortu zuen bazter guztietan eta bere garaiko artea baldintzatu eta haren bilakaeraren aitzindaria izan zen. Bere aurreko arte joera guztiak ezagutu eta aztertuagatik, Picasso artista bakartia izan zen, kulturaren ikuspegitik autonomoa. Picassok adierazten du beste inork baino hobeto XX. mendeko artea; haren eragina neurrigabea da. Parisek eta Bartzelonak Picasso museo bana dute eta haren artelanak mundu osoko museotan daude.