Piccolomini, Ottavio
Austriar jenerala (Florentzia, 1599 - Viena, 1656). Espainiaren zerbitzuan lan egin ondoren, enperadorearen aginduetara jarri zen 1627an. Wallenstein alemaniar militarrarekin Lützen-en borrokatu zen eta, mariskal egin ondoren, Bohemiaren kontrako suediarren erasoa geldiarazi zuen (1633). Fernando II.arekin adostu zen eta Wallensteinen asmoak azaldu ondoren hau hilarazi zuten (1634). Herbehereetara jo zuen Frantziaren aurka ari zen Espainiako gudarosteari laguntzearren eta Pikardia inbaditu zuen 1636an. Bohemiara dei egin zioten suediarren erasoei aurre egiteko baina bi gudu galdu zituen Wolfenbüttel-en (1641) eta Breitenfeld-en (1642). Filipe IV.a Espainiako erregeak Amalfi-ko duke izendatu zuen 1642an eta 1643-1648 urteetan frantsesen aurka borrokatu zen Herbeheretan Espainiako osteen buru zela. Enperadoreak berriro ere deitu zuen, kapitain nagusi izendatu zuen eta suediarren aurka borrokatu zen Alemaniako hegoaldean.