Piccoli, Michel
Frantses antzerki eta zinema antzezle eta ekoizlea (Paris, 1925). Zineman eta antzerkian batera jardun du; erregistro askotako antzezlea da Piccoli. Buñuelekin lortu zuen ospeak Costa-Gravas, Resnais, Ferreri eta beste zuzendari famatuekin lan egiteko aukera eman zion. Juliette Greco-rekin ezkondu zen. Ezkerreko militantzia zinemaren arlo guztietara hedatze aldera, film ekoizpenari ekin zion 1960 ondoko urteetan. Ikuspegi eta lan honen emaitza dira, besteak beste, Bertrand Tavernier-en Des enfants gâtés (1977, Apopiloak) eta Luciano Tovoli-ren Il generalo dell’armata morta (1983, Gudaroste hilaren jenerala), Ismail Kadare idazle albaniarraren eleberri ezagunean oinarritua. 1976an Dialogues égoïstes (Elkarrizketa berekoiak) liburua argitaratu zuen. Beste zenbait film: French can can (1955), Le Doulos (1963, Salataria), Mépris (1963, Erdeinua), La guerre est finie (1966, Gerra amaitu da), Le Fantôme de la liberté (1974, Askatasunaren mamua, L. Buñuel-ena; izan ere, Piccoli izan da haren antzezle hoberenetako bat), La Grande Bouffe (1973, Betekada handia), Themroc (1973), Atlantic City (1980). 1995. urtean lan garrantzitsua egin zuen Agnès Vardaren Ehun eta bat gau lanean, zinema sinbolikoki adierazteko aukeratu baitzuen hark. Zuzendari lanetan ere aritu da hamarraldi honetan: Train de nuit (1994), Alors voilá (1997).