Piccinni, Niccolò
Italiar musikagilea, opera komikoak eta dramatikoak idatzi zituena (Bari, Napoli, 1728 - Passy, Frantzia, 1800). Francesco Duranteren ikaslea izan zen Napolin eta bertan antzeztu zen egilearen lehen opera: Le donne dispettose (Emakume axolagabeak). Hauxe izan zen ehunka operak osaturiko bildumako lehena. Napolin bizi izan zen garaiko opera nagusia La buona figliuola (1760) opera bufoa izan zen, geroago Mozartek jarraitu zuen estilo berean, Goldoniren libretoarekin. 1776. urtean Parisen hartu zuen bizilekua Maria Antonieta erreginak gonbidatuta eta Quinault eta Marmontel-en libretoetan oinarritutako obra dramatikoak idatzi zituen. Parisko Antzeztokiko antzezpenak ere zuzendu zituen Frantziako hiriburuan. Obra nagusiak: Alessandro nell’ Indie (1758), La Cecchina (1760), Roland (1778), Iphigénie en Tauride (1779-1781) eta Didon (1783).