Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pikardia

Frantziako iparraldeko antzinako herrialdea eta gobernu barrutia. Gaur egungo Somme-ko departamenduaz gainera, Oise, Aisne eta Pas-de-Calais departamenduetako zatiak hartzen zituen. Amiens zen hiriburua eta Amiénois, Boulonnais, Ponthieu, Santerre, Vermandois, Thiérache eta Valois hiri nagusiak.  v Historia. Galia belgikarraren barne zen erromatarren garaian eta Erdi Aroan zehar jaun feudalen eta bereziki elizako jauntxoen mende egon zen. Flandesen eragina izan zuen Erdi Aroan eta oparotasun handia izan zuen XII. mendetik aurrera. XIII. mendean hartu zuen egungo izena. XIV. mendean erregearen mendeko lurralde bihurtu zen eta Ehun Urteko gerra garaian Burgundiako dukeari eman zion Ingalaterrako erregeak. Karlos Ausarta Burgundiako dukea hil zenean (1477), Frantziako erregearen esku geratu zen berriro ere Pikardia. Mugako herrialdea izaki, eraso ugari jasan zituen espainiarren aldetik eta bi Mundu Gerra garaietan ere gudu ugari gertatu ziren antzinako herrialde honetan.