Picazo Alcaraz, Ángel
Espainiar antzezlea (Bartzelona, 1917 - Madril, 1998). Farmaziako Unibertsitatean hasi zituen ikasketak, baina utzi egin zuen karrera hura, antzerkirako zuen zaletasunak bultzatuta. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren López Llauderren antzerki konpainian sartu zen, eta Enrique Jardiel Poncelaren Los ladrones somos gente honrada (Lapurrak jende zintzoa gara) antzerki lanean parte hartu zuen. Ahots berezia eta edonolako pertsonaietara egokitzeko gaitasuna izan zituen ezaugarri nagusiak, eta ezaugarri haiei esker hasi zen Emilio C. Espinosaren konpainian antzezle nagusi gisa. Ondoren Rafael Rivellesen eta Madrilgo María Guerreroren konpainietan lan egin zuen, sei urtez azken honetan. Lara, Goya eta Infanta Isabel antzokietako konpainietan ere jardun zuen. Orotara ehun bat obra antzeztu zituen, komediak eta dramak, eta arrakasta handia eta sari ugari eskuratu zituen (Antzerkiko Sari Nazionala 1956an, Villa de Madrid antzerki saria 1982an etab.). Aipagarriak dira ondoko hauek: La loca de la casa (Etxeko eroa), Vísperas de domingo (Igande bezperak), Los pobrecitos (Gizajoak), La bella Dorotea (Dorotea ederra) etab. Zineman egindako lanen artean azpimarratzekoak dira 1940ko hamarraldian egindako Las tinieblas quedaron atrás (Atzean gelditu ziren ilunak), Pacto de Silencio (Isiltasun hitzarmena); Treinta y nueve cartas de amor (Hogeita hemeretzi gutun amodiozko); Estambul 65 eta Las últimas horas (Azken orduak). Telebistarako lanak ere egin zituen.