Lyne, Adrian
Britainiar zinema zuzendaria (Peterborough, 1941). Zazpi urte zituela Londresa joan zen bizitzera bere familiarekin. Ikasketak amaitu ondoren, Walter Thomson publizitate agentzian lan egin zuen. 1971n bere ekoizpen etxea sortu zuen eta telebistarako iragarkiak zuzentzen hasi zen. Baina zineman hasi nahi zuen eta Estatu Batuetara joan zen. Ordurako Lyneren hainbat film labur estreinatu ziren Londresko Zinema Jaialdian eta Cannes-eko Publizitate Zinemako Jaialdian, eta urrezko dominak irabazi zituen haiekin. Lehenengo film luzea 1980an egin zuen: Foxes (Azeriak), lau gazte eta haien arazoen istorioa. Hurrengo filma Flashdance izan zen, eta arrakasta handia lortu zuen. 1985ean izugarrizko arrakasta izan zen beste film bat egin zuen, Bederatzi aste eta erdi hain zuzen. Film haren ildo beretik osatu zuen Zorigaiztoko erakarpena. Azken horrek ere berebiziko harrera izan zuen. Handik bi urtera Jacoben eskailera estreinatu zuen. Baina film hura ausartegia zen, eta ez zuen ikusleengandik erantzun handirik izan. Proposamen lizun bat filmarekin Lyne probokatzailea itzuli zen. Hurrengo lana, Lolita, aurrekoak bezalaxe, arrakastatsua izateko osagaiak zituen, baina ez zuen espero bezain harrera ona izan.