Lyme-ren gaixotasuna
Med. Bakterio infekziozko gaixotasuna, gizakiari oreinen akainek kutsatua. Lyme-n (Connecticut, AEB) identifikatu zen lehen aldiz, 1975ean. Gaur egun, akainek kutsatutako gaixotasunik arruntena da Estatu Batuetan. Kasuak herrialde osoan azaldu badira ere, ipar-ekialdean, erdi mendebaldeko goialdean, Kaliforniako iparraldean eta Oregoneko hegoaldean gertatzen dira gehienak. Asia eta Australiako zenbait tokitan eta Europan ere agertu izan da. Oro har, udaberri, uda eta udazken hasieran hartzen da, baina urte osoan kutsatu izan da jendea. Hasieran gripearen, eritemaren edo artikulazioen hanturaren antzeko sintomak ageri dira. Tratamendurik hartzen ez bada, nerbio sisteman edo bihotzean kalte kronikoak eragin ditzake. Ixodes generoko akainek duten Borrelia burgdorferi bakterio kiribilak (espiroketa) sortzen du gaixotasuna. Diagnostikatzen zaila da, sintoma ugari agertzen direlako eta akainen hozkada, minik gabea, oharkabean pasa daitekeelako. Lehendabizi exantema gorri biribil bat agertzen da, handituz doana eta idi-begi baten antza hartzen duena. Ez du min edo azkurarik ematen eta bat-batean desger daitekeenez, oharkabean pasatzen da askotan. Baina egun edo aste batzuetara gripearen antzeko sintomak ager daitezke, zefalea, lepoko zurruntasun, artikulazioetako eta giharretako min eta nekeaz gainera. Berandu diagnostikatzeak egoera okertzea eragin dezake. Tratamendurik hartzen ez bada, kasuen erdietan artritisa sortzen du; artikulazioetako hantura kronikoak ere eragin ditzake, belaunetan gehienetan; % 15ek lesioak izaten ditu erdiko nerbio sisteman eta % 8k asaldurak bihotz erritmoan. Lepoko zurruntasunak, memoria galtzeak, nahastuta sentitzeak, sukarrak eta argiarekiko sentikor bihurtzeak meningitisa edo entzefalitisa iradokitzen dute. Badira odol probak bakterioaren aurkako antigorputzen erantzuna neurtzeko, baina gaixotasunaren hasieran ez dira fidagarriegiak izaten, une horietan antigorputzak gutxi eta atzematen zailak direlako. Tratamenduaren eraginkortasuna ikusteko ere ez dute balio, antigorputz kontzentrazioek denbora luzez irauten baitute maila altuan. Tratamendua eraginkorragoa da gaixotasunaren hasieran. Ia gaixo gehienek ongi erantzuten dute bi edo lau astez sendagaiak hartu ondoren. Tratamendu egoki baten ondoren ere oinazea eta nekeak izan daitezke, baina sei hilabeteren buruan gutxituz joaten dira. Gaitza oso aurreratuta badago, artritisa eragin dien gaixoen % 75-80k ongi erantzuten die ahozko antibiotikoei. Gainerako kasuak zain barneko antibiotikoz tratatzen dira. Erdiko nerbio sistemako eta bihotzeko kalteak ere ongi sendatzen dira antibiotikoekin. Gaixotasunaren aurkako txerto bat ikertzen ari dira.