Lyotard, Jean François
Frantses filosofoa (Versailles, 1924 - Paris, 1998). Filosofia lizentzia lortu zuen 1950ean, eta doktoregoa 1971n. Hamar urtez filosofiako irakasle izan zen bigarren mailako hezkuntzan, eta ondoren unibertsitateko irakasle Sorbona, Nanterre eta Vincennes-en. Irakasle bisitari izan zen Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan. Nazioarteko Filosofia Kolegioaren sortzaile eta presidente izan zen. Horrez gainera, ikertzaile lana egin zuen Centre National de la Recherche Scientifique-n. Lyotard, gaztetan, ezkerraldeko taldeetan aritu zen eta bere pentsamendua marxismo kritikoaren barruan landu zuen. Garai horretan, fenomenologiarenganako ardura erakutsi zuen, eta gai horren inguruan idatzi zuen bere lehenengo lana, Que sais-je (Nik zer dakit). Baina 1970eko hamarraldian, marxismoa alde batera utzi eta pentsamendu originala antzematen zaio. Garai horretan nahiaren gaia landu zuen, psikoanalisiaren antzeko irizpideekin. Aldi berean, estetikaren inguruko azterketak egin zituen, margolanena batez ere. 1979an bere lan nagusietako bat idatzi zuen, Izaera postmodernoa, postmodernismoaren analisia egiten duena. Lyotarden iritziz, gizarte postindustrialetan galdu egiten dira jakintza bateratzaileak, eta jakintza zatikatu moduko bat sortzen da. Jakintzen ugaritasunaren barruan bateratze bat gerta dadin eta desberdintasunen artean komunikazio harremanak sor daitezen, Lyotardek hizkuntza jokoek duten garrantzia azpimarratzen du. Lan nagusien artean, aipatzekoak ditu: La Phénoménologie (1954, Fenomenologia), Économie libidinale (1974, Ekonomia libidinala), La condition postmoderne: rapport sur le savoir (1979, Izaera postmodernoa), La partie de peinture (1980, Pintura zatia), Le postmoderne raconté aux enfants (1986, Postmodernoa umeei kontatua), Pourquoi philosopher? (1989, Zergatik filosofatu?) eta Pérégrinations (1990, Erromesaldiak).
- Lyne, Adrian
- Lynen, Feodor
- Lyon
- Lyongo golkoa
- Lyot, Bernard
- Lyotard, Jean François
- Lys
- llabur
- Llach, Lluis
- Llaguno
- llama