Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lyon

Frantziako hiria, Rhône departamenduko hiriburua, Rhône eta Saone ibaiek bat egiten duten lekua. 462.840 biztanle ditu eta Frantziako hirugarren hiria da. Garrantzi handiko merkataritzagunea eta finantzagunea da; urtero nazioarteko azoka bat egiten da. Industria du batez ere ekonomia jarduera nagusia; ehungintzak (zeta, zuntz artifizialak eta sintetikoak) indar handia izan zuen garai batean baina gaur egun gainbehera doa. Kimika industria asko handitu da azken urteotan; beste industria alorrak: metalurgia, eraikuntza mekaniko eta elektrikoak, elektronika, plastikozko gaiak, larrugintza, papera, zementua, kristalgintza, erlojugintza, janari industria, automobilgintza, moldiztegiak. Monumentu nagusiak: Saint-Martin-d’Ainay-ko erromatar basilika (XII. mendea); Saint-Nizier eliza (XV. mendea); Saint-Bonaventure eliza (XIV. mendea); Saint-Bruno eliza (XVI-XVIII. mendeak). Merkatal-jauregia (XIX mendea) Antzoki Handia (XIX mendea); udaletxea (XVIII mendea); Saint-Pierre jauregia (XVII mendea); Saint-Jean katedrala (XII-XV mendea); Saint-Paul eliza (XV mendea), Notre-Dame de Fourvière basilika (XIX mendea). Unibertsitatea, Kongresu-jauregia, Irratiaren etxea. Museoak: Arte Ederretako museoa eta Guimet museoa.  v  Historia. Erromatarrek sortu zuten hiria K.a. 43an Lugdunum izenez, zelten herri baten gainean, eta K.a. 27an Galia zeltako hiriburu bihurtu zen (Gallia Lugdunensis). Enperadoreen egoitza hiria izan zen eta monumentu ugari eraiki zuten bertan (Lugdunum-en jaio ziren Caracalla eta Claudio enperadoreak). K.o. I. mendean, bertan sortu zen Galiako lehenengo eliza kristaua, eta II. mendearen bukaeran Septimo Severok guztiz suntsitu zuen hiria. Verdungo hitzarmenaren arabera (843), Lotaringiaren barnean geratu zen Lyon eta, Burgundia-Proventzako erresumako hiria izan ondoren, Erromako eta Germaniako inperiokotzat hartu zuten 1032an. Filipe IV.ak Frantziako koroarentzako hartu zuen 1312an eta hiri-gutun berezi batez hornitu zuen. XV. mendean zetaren industria garatu zen Lyonen eta hiri guztiz oparoa izan zen XVI. mendetik aurrera (zeta industria, inprimeria, merkataritza, bankuak), zeta industria nagusi zela. 1793an gudu latzak izan ziren Konbentzioko armadaren eta Lyongo federalisten artean. XIX. mendean guztiz handitu zen hiria eta matxinada handiak egin zituzten ehungintzako langileek 1831 eta 1834. urteetan. 1940-1944 urteetan, garrantzi handia izan zuen Lyonen nazien aurkako erresistentziak. 1967an abiarazi zen Lyongo hirialde osoa (Communauté urbaine de la ville de Lyon) egituratu eta antolatzeko proiektu handia.