Lyell, Charles
Eskoziar geologoa (Kinnordy, Forfarshire, 1797 - Londres, 1875). Lurraren bilakaera kausa fisiko-kimikoek eragina zela argudiatu zuen eta etengabeko prozesu horretan urak, eguzkiak eta haizeak berebiziko garrantzia dutela erakutsi zuen. Kreazionismoaren aldeko tesien aurka borrokatu zen eta geologia zientziaren sortzailetzat har daiteke horrenbestez. Principles of Geology (Geologiaren hastapenak) liburua argitaratu zuen 1833an. Eragin handia izan zuen Darwinengan eta, era berean, zerikusi handia izan zuen Darwinen Origin of Species (1859, Landare eta animalia moten jatorria) obrak Lyell-en The Geological Evidence of the Antiquity of Man (1863, Gizakiaren antzinatasuna geologiaren argitan) lanean. Gizakia Pliozeno Arotik lurrean dagoela proposatu zuen Lyell-ek liburu honetan.