Lyot, Bernard
Frantses ingeniaria (Paris, 1897 - Kairo, 1952). Parisko Elektrizitateko Goi Mailako Eskolan ingeniaritza ikasketak egin ondoren, Alfred Pérot fisikariaren laguntzaile gisa lanean hasi zen Parisko Eskola Politeknikoan. 1920-1952 bitarteko urteetan Meudon behatokian lan egin zuen (1926an Parisko behatokiaren barneko sail egin zuten Meudongoa). Optikan aditua zen Lyot, eta planeten argi islen polarizazioa ikertzeko ahalmen handiko polariskopioa eraiki zuen. Pic du Midi mendian hainbat behaketa egin zituen, eta behaketa haien bidez ondorioztatu zuen Ilargiaren gainaldeak sumendi hautsaren modura jokatzen duela, eta Marten harea ekaitzak gertatzen direla. Lyoten ikerketa garrantzitsuenak, dena dela, koroagrafoa asmatzeko egindakoak izan ziren; tresna horri esker eklipserik ez denean Eguzkiaren koroa ikertzeko aukera du ikertzaileak. Lyotek lerro espektral berriak aurkitu zituen Eguzkiaren koroan, eta Eguzkiaren irtenuneen irudiak filmatu zituen lehenengo aldiz.