Joan
Portugalgo bost erregeren izena. v Joan I. (Handia deitua). Portugalgo erregea 1385-1433 urteetan (Lisboa, 1357 - Lisboa, 1433). Aviz-ko ordena militarreko maisu nagusi izan zen erregetzan bere anaia Fernando I.aren lekua hartu aurretik. Goi mailara eraman zuen Portugalgo erresuma; Aljubarrotako guduan (1385) Gaztelako osteak menderatu zituen eta Zeutako hiriaz jabetu zen, Ipar Afrikako mairuen aurrean nagusitu ondoren (1415). Bere seme Henrike Itsasgizonaren bidaiak bultzatu zituen eta gaur egun ere indarrean dagoen aliantza bat sinatu zuen Ingalaterrako koroarekin. v Joan II. (Bikaina deitua). Portugalgo erregea 1481-1495 urteetan (Lisboa, 1455 - Alvor, 1495). Alfontso V.aren semea zen. Aitonen semeen aurka borrokatu zen. Haren erreinaldian gainditu zuen Bartolomeu Dias itsasgizon portugaldarrak Itxaropen Oneko lurmuturra (1487) eta berak izenpetu zuen Tordesillasko hitzarmena 1494an, mundu berria Espainiako eta Portugalgo koroen artean banatzeko akordioa berretsi zuen ituna. v Joan III. (Elizkoia deitua). Portugalgo erregea 1521-1557 urteetan (Lisboa, 1502 - Alvor, 1557). Manuel I.aren semea zen. Inkisizioa ezarri zuen Portugalen (1526). Jesuitei deitu eta haien esku utzi zuen hezkuntza sistema. Itsas bidaiak eta konkistak bultzatu zituen (Makao, Japonia) eta Brasilgo kolonizazioari ekin zion. v Joan IV. (Zorionekoa deitua). Portugalgo erregea 1640-1656 urteetan (Vila Viçosa, 1604 - Lisboa, 1656). Teodoro II.a Braganzako dukearen semea zen. Richelieu ministro frantsesak lagunduta, garai hartan Portugalen nagusi zen Espainiako koroaren aurkako matxinada bati ekin zion 1640. urtean eta errege izendatu zuten Portugalgo Gorteek, espainiarrak egotzi ondoren. Brasil eta Angola hartu zizkien berriro holandarrei. v Joan V. (Eskuzabala deitua). Portugalgo erregea 1706-1750 urteetan (Lisboa, 1689 - Lisboa, 1750). Petri I.aren semea zen; Ana Maria Austriakoarekin ezkondu zen. Habsburgo etxearen alde borrokatu zen Espainiako erregetzarako gerran eta frantsesek garaitu zuten Almansako guduan (1707). 1713an Utrechteko hitzarmena onartu behar izan zuen. Portugalgo Historia Akademia sortu zuen 1720an.