Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan

Nafarroako hiru erregeren izena.  v  Joan I. Nafarroako eta Frantziako erregea (Paris, 1316 - Paris, 1316). Luis I.a Liskarzalea Nafarroako (Luis X.a Frantziakoa) erregearen hilondoko semea zen eta bost egun baizik ez zituen hil zenean.  v  Joan II. Nafarroako erregekidea 1425-1441 urteetan, Nafarroako erregea 1441-1479 urteetan eta Aragoi eta Kataluniako erregea 1458-1479 urteetan (Medina del Campo, 1398 - Bartzelona, 1479). Gaztelako printze eta Aragoiko errege Fernando Antequerakoaren semea zen. 1420ean Zuria Nafarroako oinordekoarekin ezkondu eta Nafarroako erregekide bihurtu zen Karlos III.a hil ondoren (1425). Karlos Vianako Printzea izan zen ezkontza honetako lehen semea. Gaztelako jatorria zuelarik, zuzenean parte hartu zuen erresuma hartako barne gatazketan, Joan I.aren eta Alvaro de Lunaren aurka, eta gatazka horietan nahasi zuen Nafarroako erresuma. 1441. urtean hil zen Zuria Nafarroakoa eta erregeorde izendatu zuen Karlos semea eta legezko oinordekoa, beretzat errege titulua gorde nahirik. Gaztelako arazoetan segitu zuen, halere, Alvaro de Lunak Gaztelara eramaniko armada nafarra Olmedoko guduan menderatu zuen arte (1445). Nafarroara itzuli zituen begiak ondoren eta 1447. urtean Joana Enriquez Gaztelako almirantearen alabarekin ezkondu zen, Nafarroako erregetzarako izan zitzakeen aukerak indartzeko asmoz. Aitaren eta semearen arteko harremanak guztiz gaizkitu ziren 1449. urtean, eta Gipuzkoara jo zuen Karlos printzeak. Aspaldidanik liskarrean zebiltzan Nafarroako leinu nagusiak, agramondarrak eta beaumontarrak, zein bere hautagaiaren aldera banatu ziren eta gerra zibila zabaldu zen Nafarroa osora eta, ondoren, Euskal Herriko beste bazter askotara. Gaztelako armadak zuzenean parte hartu zuen gatazka honetan, Vianako printzearen alde, eta orduan hasi zen Nafarroako erresumaren hondamendia. 1451. urtean, Joan II.aren armadak semea eta beronen jendea menderatu zituen OIbarren eta preso hartu zuen printzea (1453 arte). Bitan banatua zen bitartean Nafarroako administrazioa eta alderdiek nork bere aldetik deitzen zuten Gorteetara. 1455ean, Leonor alaba gazteena, Gaston IV.a Foixkoaren emaztea, hautatu zuen ondorengo Joan II.ak, Karlos lehen semea eta Zuria alaba bazter utzita. 1458an, Aragoi eta Kataluniako erresuma hartu zuen oinordekotzan Joan II.ak, anaia Alfontso V.a hil ondoren; arazo handiak izan zituen Katalunia aldetik