Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joana Ia Eroa

(Gazt. Juana la Loca). Gaztelako erregina 1504-1555 urteetan eta Aragoiko erregina 1516-1555 urteetan (Toledo, 1479 - Tordesillas, 1555). Fernando Aragoikoa eta Elisabet Gaztelakoa Errege-erregina Katolikoen alaba zen. Legezko erregina izan zen arren, aginpidea bere senar Filipe I.aren, aita Fernando Katolikoaren eta seme Karlos V.aren esku egon zen. Errege-erregina Katolikoen oinordeko izan zen 1500. urtean, anaia eta arreba nagusia hil ondoren. Germaniako Maximiliano enperadorearen seme Filipe Burgundiakoarekin ezkondu zen eta bi seme, Karlos Espainiako enperadorea izango zena, eta Fernando, Karlosen ondoren Germaniako enperadore izango zena, eta lau alaba izan zituen. 1502an izan zituen lehenengo jokamolde bitxiak, senarrarenganako zeloek hartaratua, dirudienez, eta ama hil zenean Gaztelako erregina adierazi zuen bere burua Aragoien zegoen haren aitaren kontra (1504). Bi urte geroago hil zen haren senarra eta erabat burutik eginda geratu zen ondorioz. Fernando Aragoikoa haren aita Gaztelara itzuli eta Tordesillasko gazteluan espetxera zezatela agindu zuen 1509an. Fernando Katolikoa hil zenean, Karlos, haren semea, arduratu zen Espainiako gobernuaz (1516). 1520an uko egin zien Joana erreginak comuneroek edo Gaztelako komunitatezaleek Karlos V.aren aurka eginiko proposamenei. Espainiako legezko erregina izan zen Karlos V.a enperadorearen agintaldiko urte gehienetan.