Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan

Bretainiako bost dukeren izena.  v  Joan I. (Yann ar Rous, «Joan Gorria» deitua). Bretainiako dukea 1237-1286 urteetan (1217 - 1286). Bretainiako Petri I.aren semea zen, eta aitaren antzera, Elizaren aginpidea murrizten saiatzeagatik eskumikatu zuten. Erromara jo zuen barkamen eske eta, lortu ondoren, San Luisen gurutzadan hartu zuen parte Tunisian.  v  Joan II. Bretainiako dukea 1286-1305 urteetan (1239 - Lyon, 1305). Joan I.aren semea zen. Aitarekin egon zen Tunisiako gurutzadan eta Palestinara jo zuen ondoren. Alde bietara jokatu zen, Eduardo I.a Ingalaterrakoaren eta Filipe IV.a Frantziakoaren arteko gerran.  v  Joan III. (Yann ar Mat, “Joan Ona” deitua). Bretainiako dukea 1312-1341 urteetan (1286 - 1341). Artur II.aren semea. Ez zuen seme-alabarik izan eta Joana Penteür edo Penthièvrekoa bere ilobari utzi zion dukerria. Bretainiako Duketzarako gerra piztu zen Joan III.a hil ondoren.  v  Joan IV. (Yann al Kadarn “Joan Ausarta” deitua). Bretainiako dukea 1365-1399 urteetan (1341 - Naoned edo Nantes, 1399). Joan Monfortekoaren semea zen eta Karlos Bloiskoa garaitu eta hil zuen Aurey-ko guduan (1364). Ingalaterrako koroaren alde jokatu zuen Ehun Urteko Gerraren garaian, eta horretaz baliatu zen Karlos V.a Frantziako erregea Bretainiaz jabetzeko (1368). Dirutza izugarri bat ordaindu behar izan zion Frantziako erregeari Bretainiaren truke.  v  Joan V. (Yann ar Fur “Joan Zuhurra” deitua). Bretainiako dukea 1399-1442 urteetan (1389 - Naoned edo Nantes, 1442). Joan IV.aren semea zen. Oreka politika zabal bati eutsi zion Ehun Urteko Gerrako aurkari nagusien, Frantziaren eta Ingalaterraren, eta Frantziako koroaren aldeko gerran jardun zuten burgundiarren eta Armañac-ekoen aurrean.