Joana Gaztelakoa
(La Beltraneja deitua). Gaztelako printzesa (Madrid, 1462 - Lisboa, 1530). Henrike IV.a Gaztelako erregearen eta Joana Portugalgoaren alaba. 1462an Gaztelako koroaren oinordeko izendatu bazuten ere, 1464an nobleen eta erregearen arteko gerra zibila piztu zenean, Gaztelako noble batzuek neurri hori baliorik gabe uzteko eskatu zuten, sasiko alaba zelakoan (Beltraneja deitzen zioten, Beltrán de la Cueva noblearen alaba zelako edo). 1468an, Elisabet Henrike IV.aren arrebaordeak oinordekotza lortu eta, sasikoa zelakoan, guztiz baztertu zuten Joana printzesaren eskubidea (Toros de Guisandoko hitzarmena). Handik aurrera hasi zen Elisabet, gerora Elisabet Katolikoa izango zena, agintera heldu nahian: Guisandon agindu ez bezala, Fernando Aragoikoarekin ezkondu zen; bestalde, Guienako duke frantsesarekin, lehenik, eta Portugalgo erregearekin, ondoren, saiatu ziren Gaztelako noble batzuk Joana printzesa ezkonarazten, baina huts egin zuten eginahal horietan. 1474an Henrike IV.a hil zenean, Joanaren alde jarri ziren hasieran noble gehienak eta Portugalgo erregea. 1475ean ezkondu ziren Joana eta Alfontso V.a Portugalgo erregea, bere osaba, baina Elisabet Katolikoaren aldeko osteak nagusitu eta Portugalgo komentu batera erretiratu zen hil arte Joana Beltraneja.