Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joana

Nafarroako hiru erreginen izena.  v  Joana I. Nafarroako erregina 1274-1305 urteetan eta Frantziakoa 1285-1305 urteetan (Bar-sur-Seine, 1272 - Vincennes, 1305). Henrike I.a Nafarroakoaren eta Zuria Artoiskoaren alaba zen. Jaioberria zela, Henrike Ingalaterrako printzearekiko ezkontza prestatu zuten, nafar-gaskoien batasun proiektu bati ekiteko amoz (Lekuine-ko hitzarmena, 1273), baina Nafarroako erregea hil eta bertan behera geratu zen asmo hura. Ama izan zuen erregeordea eta Frantziako Filipe III.aren esku utzi zuen hark Nafarroako gobernua eta Joana I.a Filipe Frantziako erregearen bigarren semearekin ezkontzeko agindua eman zuen. 1276an hil zen Frantziako oinordekoa, eta Filipe izan zen koroa haren oinordeko. 1284an ezkondu ziren Joana I.a eta Filipe Frantziakoa, Ederra deitua, eta hurrengo urtean erresuma hartako erregetza hartu zuten. Izaera biziko emakumea zen Joana eta eragin handia izan zuen bere senarrarengan. Nafarroako gobernuari zegokionez, ordea, axola gutxi erakutsi zuen erreginak; Parisen bizi zen, ordezkari batzuez baliatu zen gobernatzeko eta era horretan foruen aurkako ekintzak eta errege frantsesen aurkako matxinadak arras ugaldu ziren (Iruñeko auzoen matxinada, 1276; Obanosko kapareen batzarrea, 1281). 1304. urtean sortu zen Parisen Nafarroako Ikastetxea, Joana I.aren testamentuaren aginduz.  v  Joana II.a Nafarroakoa. Nafarroako erregina 1328-1349 urteetan (1312 - Conflans, Paristik hurbil, 1349). Nafarroako eta Frantziako errege Luis I.a Liskarzalearen eta Margarita Burgundiaren alaba zen eta Filipe Evreuxkoarekin ezkondu zen 1318an. 1328an izendatu zuten erregina, Karlos I.a Burusoila hil ondoren, eta hurrengo urtean koroatu zuten. Haren erreinaldian gertatu zen Lizarrako eta beste nafar herri batzuetako juduen hilketa (1328); garai berean zin egin zen Nafarroako foruen hobekuntza (1330-1342) eta berariaz aitortu zuen Alfonso de la Cerda Gaztelako erregegaiak Nafarroako koroari zegozkiola berez Gipuzkoa, Araba eta Errioxa. Adierazpen horrek, ordea, ez zuen inolako ondoriorik izan. Joana II.a Nafarroatik kanpo bizi izan zen gehienetan eta gobernari frantsesez inguratu zen, senarra hil ondoren, batez ere (1343).  v  Joana III.a Albretekoa. Nafarroako erregina eta Albreteko dukesa (Paue, 1528 - Paris, 1572). Henrike II.a Nafarroakoaren eta Margarita Angoulême-koaren alaba zen. Nafarroaz gainera (izenez Nafarroa osoa baina izatez Nafarroa Beherea), Albreteko dukerriari loturiko lurralde asko izan zituen gobernupean. Haurtzaroan osaba Frantzisko I.a Frantziako erregearen mendean egon zen, erdi gatibu, Plessis-les-Toursko gazteluan, honek ez baitzuen nahi Nafarroako erresumaren geroa erabaki zezakeen ezkontza eskutik joan zekion. Horrela, Clèves-ko dukearekin ezkonarazi zuen 1540. urtean, Joanak eta ingurukoek nahi ez zuten arren. Hori zela eta, Karlos V.a Espainiako enperadoreak Filipe bere semearekin ezkonarazteko asmoa izan zuen, baina ez zuen bete ahal izan bere asmoa. Dena dela, 1545ean ezkontza haustea lortu zuen Joana Albretekoak Aita Santuarengandik, eta 1548an, Antonio Borboikoarekin ezkonarazi zuen Henrike II.a Frantziako errege berriak. Honenbestez, Karlos V.a Espainiakoak ezkontza baten bidez Nafarroaz erabat jabetzeko zituen asmoak bertan behera utzi behar izan zituen. 1553an hil zen Henrike II.a Nafarroako erregea eta, Nafarroako erresumaz gainera, Albret, Foix, Bigorra, Biarno eta beste lurralde asko jaso zituen. Nafarroako erresumaren geroaz arduratu zen eta Espainiako eta Frantziako koroei aurre egin zion horretarako. 1559. urtean hil zen Henrike II.a Frantziakoa eta guztiz areagotu ziren Frantzian barrena erlijio guduak, katolikoen eta kalbinista erreformazaleen artean, eta 1560. urtean herriaren aurrean adierazi zuen bere kalbinista fedea. Askoren aburuz, Joana protestante sutsutzat izan zen arren, erlijio askatasuna defenditu zuen bere mendeko lurraldeetan (nahiz 1567an kalbinismoa erlijio ofizial gisa onartu zuen) eta ahaleginak egin zituen Frantziako erlijio gatazkak bere erreinura igaro ez zitezen. Ordea, ez zuen horrelakorik lortu eta erlijio arrazoiekin batean, berriro piztu ziren Nafarroa Beherean eta beste lurralde batzuetan (Zuberoan ere) aurreko mendean beaumontarren eta agramontarren arteko gudu latzek utzitako su erdi-itzaliak. Bi egiteko nagusik bete zuten neurri handi batean Joana Albretekoaren zeregina: alde batetik, kalbinista erreformaren zabalkundeaz arduratu zen eta testu protestanteak moldarazi zituen euskaraz (1571, Testamentu Berria, Johannes Leizarragakoak itzulia) eta gaskoi-biarnesez; eta bestetik, ez zion inoiz ere uko egin Nafarroako erresumaren batasunari eta, asmo haren aldeko ahalegin militarretan sartu ez zen arren, diplomaziako saio ugari bideratu zuen. Hutsean geratu ziren, ostera, asmo haiek guztiak eta nahiko lan izan zuen Nafarroako erresumari Frantziako gatazka zibiletan eta Frantziako eta Espainiako koroen arteko liskar giro hartan neutralitatean eusten (izan ere, esku handia izan zuen, bere seme Henrike III.ak bezala, Frantziako erlijio gatazketan). Kultura handiko emakumea izan zen, bestalde, Joana Albretekoa; bere ama Margarita Angulemakoaren obrak argitara eman zituen eta bere oroitzapenak idatzi zituen (Mémoires, 1563-1568, Arroxelan argitara emanak). Parisen hil zen 1572an, bere semea, Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa, Margarita Valoiskoarekin ezkondu baino lehenago.