Joan
Gaztelako bi erregeren izena. v Joan I. Gaztelako erregea 1379-1390 bitarteko urteetan eta Bizkaiko Jauna 1370-1390 urteetan (Epila, 1358 - Alcala de Henares, 1390). Henrike II.aren eta Manuel Bizkaiko Jaurerriko oinordeko Joanaren semea. Leonor Aragoikoarekin ezkondu zen lehenengoz eta Beatriz Portugalgoarekin, alargundu ondoren. Frantziako erregearen aliatua izan zen eta Gaztelako itsas armada sendotu zuen Ingalaterraren kontra. Portugal (bertan babestuak ziren Petri Ankerraren jarraitzaile asko) eta Ingalaterra izan zituen etsai. Portugalgo koroa eskuratu nahi izan zuen Fernando I.a hango erregea hil zenean (1383). Portugalgo gudarosteak, ordea, menderatu zuen Aljubarrotako guduan (1385). 1386. urtean, Lancasterko duke ingelesa Gaztelako koroa bereganatzen saiatu zen, baina huts egin zuen ahalegin horretan. Haren garaian Gaztelako ekonomia guztiz ahuldu zen, etengabeko gerren ondorioz. v Bizkaian, Mungia, Larrabetzu eta Errigoitiko hiriak sortu zituen (1375-1376) eta Gipuzkoan, Zestoa eta Urretxukoak (1382 eta 1387). Joan I.a Gaztelakoa izan zen Bizkaiko Jaurerria Gaztelako koroarekin lotu zuen erregea. v Joan II. Gaztelako erregea eta Bizkaiko Jauna 1406-1454 urteetan (Toro, 1405 - Valladolid, 1454). Henrike III.aren eta Katalina Lancasterkoaren semea zen. Maria Aragoikoaren ezkondu zen gaztetan (Henrike IV.a jaio zen ezkontza honetatik) eta Elisabet Portugalgoarekin gero (Elisabet Katolikoa sortu zen ezkontza honetatik). Fernando Henrike III.aren anaia (Aragoiko erregea 1412. urtetik aurrera) eta Katalina ama izan ziren erregeordeak adin txikiko zen bitartean. Politika gidatzeko ezgauza zela eta Alvaro de Luna bere uste osoko gizonaren eskuetan utzi zuen agintea. Alvaro de Lunak hiri burgesiaren eta noble txikien laguntza jaso zuen eta haien aldeko neurriak hartu zituen ekonomian (Gaztelako artilearen aldeko babes neurriak) eta gizartean (kristau berrien aurkako neurriak). Bestalde, musulmanen aurkako gerrari ekin zion berriro eta guztiz menderatu zituen Higueruela-ko guduan (1431). Gaztelako noble handiak erregearen aurka matxinatu ziren, Aragoiko erregearen laguntzaz, baina Lunaren errege armadak zapaldu zituen Olmedoko guduan (1445). Hala ere, Lunaren aurkako presioek bere horretan iraun zuten eta Henrike printzea bera ere haren aurka jarri zen. Joan II.ak, azkenean, bere gizonaren herio zigorra sinatu zuen 1453an eta urte berean urkatu zuten Luna Valladoliden. 1454an hil zen Joan II.a eta guztiz egoera zailean utzi zion erresuma Henrike IV.a seme eta ondorengoari. v Joan II.a Gaztelakoaren garaian areagotu ziren ahaide nagusien arteko gatazkak mendebaleko Euskal Herrian (Arrasateko erreketa, 1448), eta garai hartan ere hasi ziren euskal jatorriko militar eta politikariak Gaztelako gortearen inguruetan nabarmentzen.