James, William
Estatu Batuetako filosofo eta psikologoa (New York, 1842 - Chocorua, New Hampshire, 1910). Henry James idazlearen anaia zen; pragmatismoaren aintzidaria izan zen filosofiaren alorrean eta funtzionalismoaren aldeko izan zen psikologian. Harvard-eko unibertsitatean medikuntza ikasketak egin zituen eta hango irakasle izan zen 1885etik aurrera. Fisiologia eta psikologia landu zituen bereziki, eta psikologia zientzia natural eta positibo bihurtzen saiatu zen. Fisiologia ikerketak egin zituen gertaera psikikoen eta nerbio sistemaren arteko lotura azaldu nahiz. Lanpe-rekin batera eratu zuen “sentipenen teoria periferikoa”, sentipenen jatorri fisiologikoa argitzen duena. Pragmatismoak emandako filosofo nagusietakoa izan zen, Pierce filosofoaren jarraitzailea. Errealitatea ezagutzeko bide bakarra indukzio metodoa dela zioen, eta horri buruzko ikuspegi mugikorra eta anitza eman zuen filosofia arrazionalistaren eta aprioristaren aurka. Obra nagusiak: The Principles of Psychology (1890, Psikologiaren printzipioak), Varieties of Religious Experience (1902, Erlijio esperientziaren agerraldiak) eta Pragmatism: A New Name for Old Ways of Thinking (1907, Pragmatismoa: izen berri bat pentsamenduaren bide zaharrentzat).