Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jammu

eta Kaxmir. Indiako penintsulako ipar-mendebaleko lurraldea, Himalaiako mendien ekialdean. 222.236 km2 hartzen ditu lurraldeak orotara, baina horietatik 78.218 km2 Pakistanen esku daude, eta 42.735 km2 Txinaren esku. 7.718.700 biztanle (Indiarena den zatian) [1991]. Hiriburuak: Srinagar (udakoa) eta Jammu (negukoa). Bi horiek dira estatuko hiri nagusiak. Hizkuntza asko erabiltzen dira: kaxmirera, dogria, gojria, urdua, baltia, dardiroa, paharra eta ladakh-a. Erlijioan islama da nagusi; dena den, erilijio askotako kideak daude, eta bertako politika istiluen muinean dago erlijio arazoa. Musulmanaren ondoren, hinduismoa da garantzitsuena, sikh erlijioa atzetik, budismoa gero, eta azkenik, kristautasuna.  v  Orografia. Menditsua da oso. Iparraldean Karakorum mendiak daude eta hauen parean, hegoaldera, Ladakh mendiak eta Zaska mendiak. K-2 mendia dago Pakistanena den zatiaren eta Txinarena denaren artean. Erliebe menditsua dela eta, ez da lurra lantzeko toki egokia baina haranak oso emankorrak direnez, laboreak eta fruituak landatzen dituzte haietan. Dena dela, turismoa da ekonomiaren oinarria, eta zeta horren atzetik.  v  Historia. 1846. urtean, Rajput printzearen garaian eman zion burujabetasuna Britainia Handiak Jammuri. Hark Ladakh hartu eta Jammu eta Kaxmir estatua sortu zuen. 1949an Pakistanen eta Indiaren arteko gatazkan, Jammuko Mirgur eta Punch Jagir distrituak Pakistango administrazioaren esku geratzea onartu zuen NBEk. Orduan ezarritako mugak mantendu egin ziren 1971. urtea arte baina Indiaren eta Pakistanen artean piztutako gerraz geroztik, Poonch, Tithwal eta Kargil lurraldeak Indiaren esku geratu ziren eta Pakistanek Chamb hartu zuen. Jammu eta Kaxmirreko estatua da Txinaren esku geratu den Indiako estatu bakarra. Bestalde, estatu hori da Indian bere konstituzio berezia duen bakarra. 1988az geroztik mugimendu separatistek indar handia hartu zuten. Horren ondorioz, Indiak soldadu gehiago bidali zituen bere lurraldera (Indiaren mende hegoaldea dago, ipar-mendebaldea Afganistanen esku, ipar eta ekialdea Txinarenean eta mendebaldea Pakistanen mende). Horrek tirabira handiak eragin zituen, eta 1990eko hasieran batez ere, liskar bortitzak izan ziren independentziaren aldeko manifestarien eta indiar soldaduen artean. 1997ko maiatzean Malen (Maldivetako hiriburua) bildu ziren Indiako Lehen Ministroa, Inder Kumar Gujral, eta Pakistangoa, Nawaz Sharif. Bien arteko gatazka konpontzeko negoziazio bide berriak urratzea zuten helburua. Hartutako erabaki bakarrak hauek izan ziren: bi buruzagien artean etengabeko komunikazioari eustea, preso zibilak kartzeletatik ateratzea, eta eztabaidetarako sektore batzordeak sortzea. Goi mailako akordiorik lortu ez bazen ere, etorkizunean harreman gehiago izateko bideak zabalik geratu ziren.