James, Henry
Estatu Batuetako idazlea (New York, 1843 - Londres, 1916). William James filosofoaren anaia zen eta ingeles herritasuna hartu zuen 1915ean. Burges familia aberats batean sortua zen eta Europan barrena ibili zen gaztetandik. Europan zabaldu zituen ikasketak eta han ezagutu zuen kultura klasikoa. Estatu Batuetako aldizkari eta kazetetan argitaratu zituen bere idazlanak. 1874an Roderick Hudson eleberria eman zuen argitara, Estatu Batuetan jaio eta Erroman bizi zen eskultore baten gorabeherak biltzen dituena; handik aurrera biziki kezkatu zuten Europako eta Estatu Batuetako gizarte eta jokaera moldeen arteko aldeek (New Yorkekoen lainotasuna eta oparotasuna, europarren ustelkeriaren eta zuhurtasunaren aldean). Parisen ezagutu zuen Turgeniev eleberrigile errusiarra eta, haren ildoan, nortasun handiagoko pertsonaiak hasi ziren agertzen haren lanetan. Parisen idatzi zuen 1877an The American eleberria; ondoren Londresa joan zen. Han idatzi zituen obra nagusiak: Daisy Miller (1879), Estatu Batuetako emakume batek Europan barrena izandako gorabeherak; The Portrait of a Lady (1881, Emakume baten erretratua), Europako gizartearen bizimodua kritikatu zuen eleberri psikologikoa; The Bostonians (1886, Bostondarrak), feminismoaren inguruko idazlana, eta The Ambassadors (1903, Enbaxadoreak), Europako zibilizazioari buruzko gogoeta. Henry James-ek sakon landu zituen eleberriaren baliabideak (ikuspuntua, pertsonaiak, erritmoa eta denbora), ordu arte ohi baino askoz ere irakurketa saiatuagoa eskatu zien bere garaiko irakurleei, eginen eta pertsonaien kokatze eta ezagutze soiletik haruntzago, eta XX. mendearen hasieran Joseph Conrad-ek, James Joyce-k eta bestek landu zuten eleberri mota berriaren aitzindaria izan zen.