James, Jesse
Estatu Batuetako mendebaleko lapur ospetsua (Kearney, Missouri, 1847 - St. Joseph, Missouri, 1882). Hegoaldeko konfederatuen alde borrokatu zen Estatu Batuetako Banakuntzako gerran eta ekintzaile talde bat osatu zuen, Frank James (1847-1915) bere anaiarekin batera, talde eta gerrilla guztiak desagertu ondoren. Bankuak lapurtu, trenei eraso egin, eta beste antzeko ekintza ugari egin zuen Jesse James-en taldeak 1866. urtetik aurrera, Missouri eta Alabamako estatuetan batez ere. Robert Ford-ek, bere taldeko batek saldu eta hil zuen Jesse James, haren lepoari ezarritako saria jaso nahi zuela eta. Jesse James-en ibilerak guztiz ospetsu bihurtu ziren, mendebalaren ikuspegia fantasiaz bete zuen Estatu Batuetako ekialdeko prentsari esker eta haren irudia guztiz zabaldu zen XX. mendean western filmen bidez. Jesse James-ek iparraldeko yankeen erasoen eta harrokeriaren biktimatzat jo zuen bere burua beti eta, bestalde, benetako heroia izan zen Missouriko Ozark mendien aldeko jendearen begien aurrean.